apaingarriak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
apaingarriak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

Zuhaitz hostoekin egindako apaingarriak

 



Kaixo berriro!

Gaurkoan uda honetan izaten ari garen eguraldi eroa dela eta, etxean edo toki itxietan pasatzen ari garen denbora arinago izan dadin, eskulan erraz bat ekartzen dizuegu.

Egia esan , guk lan hau eta bere argazkiak, eskolako azken egunetan egin genuen, eta uda honetarako aproposa iruditu zaigu.

Oraingo honetan zuhaitz hosto eroriak biltzeko ibilalditxo bat egin , eta ondoren arratsalde pasa bat hauekin apaingarriak egitera gonbidatzen zaituztegu.

 

Hauek guk erabili egin ditugun materialak.

 


 


Hostoak, noski. Guk eskola ondoan dauden magnolioen hosto eroriak bildu genituen.

Argizarizko margoak.Hauek Manley klasikoak dira.

Kola txuria eta pintzela.

Koloretako artileak eta goraizak.

Eta naiz eta argazkian agertu ez,  egur puska handi bat.



Lehenengo egingo duguna, hostoak biltzea izango da. Txango bat antolatu dezakegu hostoak biltzeko, edo auzotik buelta bat ematen , edo parkerako bidean aurkitu ditzakegun hosto eroriak bildu ditzakegu.





Behin gure hostoak dauzkagunean, hauek apaintzeko ordua iritxi da.

Argizariak hartu eta gure gustuko diseinuak egingo dizkiogu. Kolorez beteko ditugu hostoak.

 

 


 


Behin margotu egin ditugunean, nahi izan ezkero koloreko artileekin apaingarriak egin eta ipiniko dizkiogu.


 

 

Gure gustura apainduta daudenean, kola txuria hartu eta pintzelarekin hostoaren gainean emango diogu kapa eder bat. Horrela gure lana babestuko dugu.

Kola ondo lehortu arte itxarongo dugu. Eguzkitan utzi ezkero segituan lehortuko da.

 

 


 


Kola ondo lehortu denean, berez, lana bukatu egin dugu. Orain zein txoko apainduko dugun erabakitzea besterik ez zaigu falta.

Guk egur puska lodi batean zintzilikatu egin ditugu, eta jangelako paretan jarri. 

Politak, ezta?!. Guri asko gustatu egin zaizkigu.

Zuen bertsioak egitera animatzen zaituztegu. 

hau ba dena gaurkoz.

Hurren arte!



Halloween egunerako origamizko katrina

 



Kaixo berriro!

Hementxe gaude bueltan, gainean dugun Halloween egunerako apaingarri erraz eta azkar bat nola egin dugun kontatzera. Gaurkoan origamizko katrina bat egiten erakutsiko dizuegu

Momentutxo batean egiten den eskulan hau etxeko txikiak egiteko oso aproposa dela uste dugu eta arratsalde eder bat pasatzeko oso polita.

Gainera oso material gutxi beharko dugu prestatzeko, ikusi:





Folio bat egin nahi dugun katrina bakoitzeko.

Goraizak

Errotulagailuak.

Besterik ez. 

Goazen ba origamiarekin hastera.


Origamia, papera tolesten irudiak sortzearen artea da jakingo duzuenez, eta hori da egingo duguna oraingoan, papera tolestuko dugu katrina bat sortzeko.




Lehenengo egingo duguna, folioa moztea izango da, paperezko karratu bat izateko.

Behin karratua egin dugunean, hau tolesten hasiko gera.

Lehenengo tolesdurak albotik erdira izango dira, kometa baten antza emanez.,

Bigarren tolesdurarekin goiko punta behera ekarriko dugu.

Eta hirugarrenarekin azpiko punta goikoaren gainera ekarriko dugu.

Irudietan ondo ikus dezakezue tolesdura guztien zentzua.

 

 


 

 

Orain igo degun azpiko punta behera tolestuko dugu, eta irudiari buelta emango diogu.

Ondoren beheko punta alde honetan berriro gora igo eta akordeoi moduan jarraituko dugu tolesten.

Eta horrela buru hezur irudia lortua izango dugu.

 

 


 


Buru hezurra katrina bihurtzeko momentua iritsi da, horretarako errotulagailuak hartu eta  ingurua markatu,begiak eta sudurra marraztu eta ondoren kolore biziekin apaingarriak egingo dizkiogu

 

 


.


Gure gustura utzi ondoren, badugu gure katrina  nahi dugun txokoa apaintzeko prest. 

Hiruzpalau egin ezkero pareta polit bat geratuko zaigu!

Guk hau, eskolako jantokia apaintzeko erabili dugun bat izan da. Bertan ikasle bakoitza bat prestatu du eta oso jangela apaina geratu egin zaigu Halloween eguna ospatzeko.


Ea zuenak egiten animatzen zareten.

Hurren arte!



Aitaren egunerako opari erraza

 



Kaixo berriro!


Gaurkoan iristear dagoen aitaren egunerako opari azkar bat nola prestatu kontatzera gatoz.

Azken minutuko opari hau, oso denbora laburrean prestatzen da eta etxean erraz edukiko dugun materialekin egiten da.

Etxeko txikiak beraiek bakarrik prestatu dezaketen opari erraza da hau.

Hauek behar ditugun material sorta:





Koloretako arkatzak. Betiko margoak, edo errotulagailuak, koloreztatzeko gustukoen duguna.

Arkatza eta errotulagailu beltza.

Folio bat. Edo kartulina txuria, nahiago duzuena.

Goraizak

Kola edo itsasgarri unibertsala.

Plastikozko tapa bat. Guk txokolate krema poto batena erabili dugu kasu honetan.

Imana. Edozein iman edo iman xafla. Gurea auzoko bazarrean merke merke erositako iman xafla baten puska erabili dugu.


Materialak bildu egin ditugunean, lanean hasiko gera.





Lehenengo egingo duguna, tapa hartu eta folioaren gainean bere ingurua markatuko dugu arkatzez.

Ondoren moztu eta taparen barruan sartzen den konprobatuko dugu. Ala ez bada pixka bat gehiago moztuko dugu ondo sartu dadin.

 


 

Orain papera hartu eta arkatzez nahi dugun mezua idatziko dugu bertan. Guk iruditan ikustenduzuen mezua idatzi dugu, baina zuek nahi duzuena idatz dezakezue.

Mezua apainduko dugu idatzi eta gero, bakoitzaren gustuen arabera margo edo errotulagailuz.Guk mezuari kolore pixka bat eman diogu i letren puntuen tokian bihotzak marraztuz eta gorriz koloreztatuz.

Gainera ilargiaren itxura eman diogu paperari, borobila zela aprobetxatuz.






Behin gure mezua bukatu dugunean, kola hartu eta taparen barru aldean pegatuko diogu.

Atzeko aldean, berriz, imana jarriko diogu.

Eta prest, gure oparia bukatua izango dugu.





Hozkailuan jartzeko primerakoa da.

Guk aitaren egunerako opari bezala proposatu dizuegu, baina maite dugun edonor-i oparitzeko balio dezake. 

Baita gure hozkailua apaintzeko besterik gabe. Marrazki edo mezu desberdinak eginez, adibidez.





Orain zuen txanda. Zuen bertsioa egitera gonbidatzen zaituztegu. 

Hau da dena gaurkoz.

Hurren arte!!



Gabonetako apaingarria tapa bat birziklatuz

 



Kaixo berriro!

Gaurkoan  aurtengo gabonetako eskulanei hasiera emateko, plastikozko tapa bat birziklatuz zuhaitzarentzako apaingarri bat nola egin dugun kontatuko dizuegu.

Oso lan erraza, etxetik dugun materialarekin eta etxeko txikiek egiteko oso aproposa.

Hauek behar ditugun material sorta:






Plastikozko tapa bat. Patata tutu horietako batena erabili egin dugu guk.

Kartulina txuri bat.

Gatz  arrunt apur bat. Sukaldatzeko erabiltzen duguna. 

Koloretako margoak.

Arkatza

Goraizak

Kola txuria

Lazo puska bat.



Behin materialak digunean, hasi gaitezen apaingarri hau egiten.





Lehenengo egingo duguna, tapa hartu eta kartulinaren gainean jarriz, inguru guztia (taparen kanpoaldetik) marraztea izango da.

Eta ondoren lortu dugun irudia moztuko dugu.





Moztu dugun kartulina puskaren gainean, nahiago dugun gabon edo neguko marrazki bat egin eta koloreztatuko dugu.

Gure kasuan elurretako panpina bat egitea erabaki dugu.

 

 


 


Orain gure irudia elurtuko dugu.

Efektu hau lortzeko, kola txuria "elurra" eduki nahi dugun tokian jarri eta gainean gatza jarriko diogu. 

Lehortzen utzi eta elur bustiaren efektua lortua izango dugu.





Irudiaren gaineko kola eta gatza lehorrak daudenean, plastikozko tapa gainean jartzeko txanda da. Horretarako taparen azpiko partean kola txuria eman eta ondoren kartulinaren gainean jarri eta lehortu arte utziko dugu.




Azkenik, eta apaingarria zintzilikatu ahal izateko, lazo puska hartu eta berriro ere kola txuriaren laguntzaz, apaingarriaren atzeko aldean pegatuko dugu.

Ondo lehortu arte itxoin eta zuhaitzean zintzilikatzeko prest izango dugu.





Erraza, ezta?. Orain zuen txanda. Anima zaitezte horrelako baten bat egiten. Guk oso ondo pasa dugu apaingarri hau prestatzen eta gainera patata tutuaren tapari beste bizitza bat emanez poza handia hartu dugu.

Hau izan da ba dena gaurkoz.

Hurren arte!



Gabonetako Oreina

 




Kaixo berriro!


Gaurko honetan, La tienda del boton-eko lagunek bidalitako lagunekin egin dugun beste lan bat nola egin dugun kontatzera gatoz.

Kontatu egin genizuen bezala, gabonetako gaiarekin lotutako lanak eskatu dizkigute eta bigarren lan honetan zuhaitzean jartzeko orein bat egin dugu.

Normalean txikiek laguntza handirik gabe egiteko lanak ekartzen dizkizuegu, baina hau heldu baten laguntza apur bat beharko du. Gehien bat josketaren atalean, oraingo honetan pixkat josi egin behar bai da. 

Ea ba, hasi gaitezen erabili ditugun material sorta ikusten:







Botoiak, noski. Oraingoan botoi nakaratu gorri bat, bi botoi nakaratu eta perla moduko bi botoi beltz aukeratu egin ditugu genuen sortatik.

Feltro marroia.

Haria eta orratza.

Goraizak

Rotua edo edozein markagailu.

Txantilo bat. Hemen bi aukera, edo zuek oreinaren irudia marraztu edo guk egin dugun moduan interneten begiratu eta deskargatu. Gurea Niña Bonita blogean, Albak gabonetako belarritako batzuk egiteko tutorialean partekatu zuen hau erabili dugu.

Kotoia.  Gure apaingarriari gorputza emateko erabiliko duguna.

 

Goazen orain pausoz pausozkoarekin:

 

 


 


Lehenengo pausua, txantilo moduan erabiliko dugun irudia moztea izango da. Ondoren feltroaren gainean marraztu eta bi pieza moztuko ditugu. Guk feltroa bitan tolestu, orratzarekin biak lotu eta bi piezak batera  moztu ditugu. Ala ere banaka moztea , beste aukera bat da. 







Orain bietako bat hartu eta botoiak josten joango gera oreinaren aurpegia osatuz. Bi botoi nakaratuak begien oinarri jarri ditugu eta gainean bi botoitxo beltzak.

Sudur gorria egiteko botoi nakaratu gorria erabili dugu.






Alderik zailena orain (guretzat behitzat, orratzarekin ez gera oso abilak eta). Oreina osatzen duten bi piezak josteko garaia.

Bi pieza bata bestearen gainean jarriz, belarri batetik besteraino josiko ditugu elkarren artean. Guk festoi puntada erabili dugu.

Goiko alde korapilotsua (belarriak eta adarrak) josi ditugunean, barruan kotoia sartzen hasiko gera.




Kotoia adarretan eta belarrietan sartzeko goraiza edo markagailuarekin lagundu gaitezke. 

Goiko partean kotoia ondo sartu dugunean, behean kotoi gehiago jarri eta geratzen zaigun inguru guztia josten bukatuko dugu.





Azkenik, eta gure oreina zintzilikatu ahal izateko, feltrozko tira bat moztu eta lazo moduko bat eginiz atzeko partean josiko diogu.

Orain kanpotik geratu egin zaizkigun kotoi apurrak garituko dizkiogu gure oreinari, eta prest izango dugu zuhaitzetik zintzilikatzeko.






Zuen gustukoa bada, badakizue, animatu eta bat egin. Eta honelako botoi ikaragarriak nahi badiuzue La tienda del Boton-en webgunetik pasa eta bertan aurkitu ditzakezue. 

 

 


 

 

 

Hau da ba dena gaurkoz.

 

Hurren arte!


 

Botoiekin egindako Gabonetako koroa

 




Kaixo berriro!

Hementxe gaude bueltan, gabonetako beste esku lan bat zuekin partekatzera.

Oraingo honetan protagonistak botoiak izango dira. La tienda del boton Iruñeko dendak bidalitako botoiekin egindako gabonetako koroa nola egin dugun kontatuko dizuegu.

La tienda del boton dendako lagunek, eskulanetako bloglari batzuk gonbidatu gaitu, beraiek aukeratu eta bidali dizkiguten botoiekin gabonetako eskulanak egitera. Eta gaurko hau da bidali dizkiguten botoi ederrekin bururatu egin zaigun lehenengo lana.

Eta azalpen guzti hauen ondoren, ikus ditzagun erabili ditugun material sorta guztia:





Botoiak, noski. Argazkian jaso ditugunetako batzuk ikusi ditzakezue.Hauen artetik batzuk bakarik erabili egin ditugu lan honetarako.

Alanbrea. Koroaren oinarria egiteko erabiliko dugu. 

Pinu hostoak. Guk gure etxe atzeko parketik hartutakoak. 

Zinta gorria.

Hari beltza.

Kola beroa, pistola eta guzti.



Hasi gaitezen pausoz pausozkoarekin:






Lehenengo egingo duguna, alanbrearekin koroaren oinarria egitea izango da. Horretarako eskuekin nahi dugun tamainako zirkulua osatuko dugu alanbrearekin.

Behin oinarria egin dugunean, pinu hostoak hari beltzarekin bertan lotzen hasiko gera.

 

 


 


Pinu hostoak, lotzen joango gera alanbrezko oinarri guztia estali arte. Guk zirkulu erdian pinu hostoak zentzu batean jarri ditugu eta beste erdian beste zentzuan. Iruditan ikusi daiteke argiago.

Ondoren zinta gorriarekin hasiko gera lanean.






Zinta gorriarekin hariarekin egindako loturak estaliko ditugu, korapilotxo apaingarri batzuk eginik. Eta azpian pinu hostoak gurutzatzen diren tokian lazotxo txiki bat egingo diogu. 





Gure lanaren protagonistak diren botoien txanda iritsi da. Gure lana apaintzeko botoiak aukeratu  eta kola beroaren laguntzaz koroan itsatsiko ditugu orain.

Guk egurrezko botoi ertain pare bat, botoi txiki nakaratu pare bat eta azkenik izar formako botoi nakaratu bat aukeratu ditugu lan honetarako.

Izarra lazoaren erdian jarri dugu protagonismo handiena izan dezan, eta besteak gabonetako bolatxoak izango bai liran koroa apaintzen jarri ditugu.





Koroa zintzilikatu ahal izateko, zinta hartu eta lazotxo handi bat lotu egin diogu goiko partean.

 

 

 


 

Eta honenbestez, gure koroa prest daukagu gure etxeko txokoren bat apaintzeko.

Guk, urtero, amonari apaingarri berri bat oparitzeko ohitura dugu eta aurten hauxe izango da amonaren etxera eramango duguna.




Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet La tienda del boton-eko lagunei, honelako erronka politekin buruari astintzeko ematen digun aukerarengatik. Baita bidali dizkiguten botoi bilduma ederrengatik ere.


Hau izan da dena gaurkoz.

Hurrengoan, geratzen zaizkigun botoiekin bururatzen zaigun beste apaingarri batekin etorriko gera!