Ikas-urte berrirako arkatzak apaintzen


 

 

Kaixo berriro!

Hementxe gaude bueltan. Gaurkoan, hastear dagoen ikas urte berrirako eskulan erraz eta azkar bat zuekin partekatzeko.

Honezkero eskolarako materiala biltzen egongo zaretelakoan gaude, gu ala gabiltza eta. Eta bururatu egin zaigu, aurten gure arkatzei pertsonalizazio pixka bat eman behar geniela.

Normalean erosten ditugun arkatzak kolore bakarrekoak izaten dira, dekorazio handirik gabekoak, eta orokorrean gehienok arkatz berdintsuak erabiltzen ditugu. Aurten gure gustura apaindu nahi genituela erabaki eta horretan jarri gera.

Erabili ditugun materialak, gutxi eta erraz lortzekoak dira, ziurrenik etxean edukiko dituzuela denok. Hauek dira guk erabilitakoak.

 



Arkatzak, noski. nahi ditugun guztiak.

Gure gustuko paperak. Guk margotutakoak, gure gustuko diseinuekin erositakoak, nahi dituzuenak. Guk, Tiger dendan, aspaldi origami egiteko erosi genituen paper bildumatxo bat genuen, eta hau izan da erabili egin duguna.

Kola, barrakoa kasu honetan. 

Goraizak. Hauek gure paperak mozteko erabiliko ditugu,noski.

 

Behin material guztiak bildu,eta eskura dauzkagula, hasi gaitezen arkatzak apaintzen.

 


 

 

Gure lehenengo pausua, arkatza paperaren gainean jarri eta beste arkatz batekin gutxi gora behera, beharko dugun neurria markatuko dugu. Arkatzari buelta osoa emango diogu paperaren gainean beharko dugun zabalera jakiteko. 

Papera markatu dugun neurrian moztu eta kola jarriko diogu ondoren. Papera kolarekin ondo bustia dugunean, arkatza gainean berriro jarri eta paperarekin bilduko dugu.




 Eta gure lana bukatua izango dugu. Di-da batean gure gustuko arkatz pertsonalizatuak lortu ditugu.

Nahi ditugun guztiak egin ditzakegu. Guretzat eta guk nahi dugunari oparitzeko ere.

 


 

Ba hau izan da, ikas-urte berrirako gure lehenengo eskulana. Agindu bezala erraz eta azkarra.

Espero dugu zuen gustukoa izango dela, eta praktikan jarriko duzuela.

Besterik ez gaurkoz.

Hurren arte!